Kontzeptuak mugimenduan kulturen eta diziplinen artean:transferentzia- eta hartze-prozesuak, itzulpena eta birdefinizioa historia kontzeptualean. Bilbo-Donemiliaga Kukula (Errioxa), 2013ko abuztuaren 29a, 30a eta 31
Azken hamarkadetan, kontzeptuen historia ikerketa-ildorik estimulagarrienetako bat dela eta etorkizun handienetako bat duela erakutsi da Giza Zientzien eta Gizarte Zientzien arloan. Kontzeptu jakinen eztabaida teoriko-metodologikoen, argitalpenen eta analisien (epe luzeko bilakaerari buruz nahiz horien erabilera erretorikoari buruz testuinguru espezifikoetan) ugalketak eremu komun bat sortu du, historialariak, politologoak, soziologoak, filosofoak, hizkuntzalariak eta itzulpengintzako eta antzeko beste jakintza-arlo batzuetako adituak bat etortzeko, eta beren aurkikuntzak elkarrekin trukatzeko eta etekina ateratzeko. Zerbaitengatik, teoriko eta ikertzaile askok gizarte-prozesuen hizkuntza-ehunean jartzen dute arreta ikuspuntu desberdinetatik, baita orainaldian eta iraganean eragileek/hiztunek erabilitako nozioetan inskribatutako denbora-egituretan ere.
Zenbait talde kontzeptuen nazioz gaindiko zirkulazioari buruzko ikerketak egiten hasi dira, Europan, Asian eta Amerikan. Lan horiek hainbat herrialderen arteko kontzeptu nagusien transferentziari, hartzeari eta egokitzeari buruzko analisi konparatiboak eta gogoetak hartzen dituzte baitan askotan. Aditu gutxi batzuek kultur sistemen eta zibilizazioen arteko transferentzia eta erlazio semantikoak ere balioetsi eta aztertu dituzte.
Inperio zaharren eta modernoen (azken horien artean, espainiarrena, portugaldarrena eta britainiarrena) eta horien degradazioaren historia kasu-azterketen iturri agorrezina da, eta proba-banku bikaina da hedadura handiko azterketa konparatiboak egiteko. Zenbait kontzeptu eta arlo semantiko ikuspuntu horretatik hasi dira aztertzen, bereziki Atlantikoaren bi aldeen arteko trukeei, asimetriei eta asinkroniei dagokienez. Ildo horretan, mundu iberoamerikar nahasiak egoera pribilegiatua eratzen du hainbat lurralde eta testuingurutan erabilitako zenbait kontzepturen azpiko esanahiei eta denborazkotasunei buruz gogoeta egiteko, itzulpen- eta hartze-prozesuen ondorio gisa eta europar kulturen eta kultura indigenen arteko hibridazioaren ondorio gisa.
Halaber, Indiari eta Asiako beste gune batzuei buruzko lanen bidez, historia postkoloniala deritzonak historia kontzeptualerako gogoeta oso interesgarriak jarri ditu mahai gainean. Ez bakarrik agintari kolonialek Europaz kanpoko munduetako nortasunak eraikitzeko eta mundu haiek administratzeko egindako diskurtsoen eginkizunean enfasia izateagatik, baita mendebaldekoak ez diren kulturen ikerketari dagokionez kategorien eta tresna analitikoen baliozkotasuna zalantzan jartzeak gizarte-zientzietarako dakarren erronka teorikoagatik ere, batik bat.
Beste ikuspuntu batetik, diziplina arteko askotariko lanek erakusten dute oinarrizko nozio politiko, zientifiko eta sozial askok (baita diziplina osoek ere) bide metaforikotik sortuak diruditela, jakintza-arloen arteko mugen gurutzatze errepikatuen eta transferentzia semantikoen ondorioz. Hortaz, desiratzekoa da metaforologia eta historia kontzeptuala hurbiltzea. Beste egile batzuek, berriz, kontzeptualizazio-prozesuetan hizkuntza bisualei arreta gehiago jartzea komeni dela nabarmendu dute, eta ikuspuntu misto baten onurak azpimarratu dituzte, hain zuzen, historia intelektualaren, ikonologiaren eta artearen historiaren artean zubiak eraikitzeko gai dena.
Kontzeptuen mugimenduari buruzko gai-ardatz handi honetan arreta jarri duten ekarpenez gainera (espazioan eta denboran, lurraldeen eta jakintza-arloen artean), Kontzeptuen Historiari buruzko XVI. urteroko Biltzarrak lotuak eta albokoak diren hainbat gai landuko ditu, hala nola: hizkuntzen historia (lexikografia, hiztegi historikoak), xede historiko-kontzeptualetarako datu-baseen eta testu-corpusen erabilera eta bernakularizazio-prozesuak; horiei jarraiki, zenbait kontzeptu politiko hedapen handiko hizkuntzetatik hiztun gutxiagoko hizkuntzetara transferitu ziren, eta alderantziz. Biltzarrean, Europako hizkuntzei nahiz Europakoak ez diren hizkuntzei dagozkien kasu-azterketak aurkeztuko dira.
Biltzarraren antolakuntzak problematika hori interesatzen zaien guztiak komunikazio-eta panel-proposamenak aurkeztera gonbidatzen ditu, jarraian zerrendatutako gai-arloetako edozeini buruz:
- Politika-/diskurtso-borrokak, itzulpen eta transferentzia semantikoak herrialdeen, zibilizazioen eta kulturen artean; mugako eskualdeak, kultur bitartekariak eta trukeak; hizkuntzaz gaindiko praktikak eta kontzeptuen historia nahastuak.
- Teoriak eta metodoak kontzeptuen historian.
- Historia postkoloniala eta historia kontzeptuala; nortasunen, etnien, klaseen eta kategoria sozialen diskurtso-eraikuntza. Balio al dute mendebaldeko gizarte-zientzien eredu-motek eta tresna analitikoek beste kultura batzuk aztertzeko?
- Inperioei buruzko hiztegiak eta hizkuntzak: monarkia unibertsala, inperioa, inperialismoa, kolonia, kolonizazioa, kolonialismoa, etab.
- Oinarrizko kontzeptuen transferentziak, hartzeak eta birdefinizioak mundu iberoamerikarrean. Kontzeptu politikoen itzulpenak, egokitzapenak eta trukeak amerindiar eta europar hizkuntzen artean.
- Zenbait kontzeptu politikoren eta sozialen historia euskaraz. Euskararen, gaztelaniaren eta Europako beste hizkuntza batzuen arteko kontzeptu nagusien itzulpenari, hartzeari eta transferentziari buruzko ikerketak.
- Esperientzia, denborazkotasuna eta historikotasuna. Modernitatearen eta postmodernitatearen semantika historikoa.
- Hizkuntza soziopolitikoa eta diziplina zientifikoen eraketa. Jakintza-arloen arteko kontzeptu-transferentziak. Polemika politikoak, eztabaida akademikoak eta kontzeptu-aldaketa.
- Irudien semantika. Diziplinez gaindiko hurbilketak ikus-entzunezko eta idatzizko hizkuntzen artean; historiaren, ikonologiaren eta hizkuntzalaritzaren arteko elkarguneak.
- Metaforetatik kontzeptuetara, eta alderantziz. Metaforologia eta historia kontzeptuala.
- Hizkuntzalaritza konputazionala, datu-base testualak eta baliabide digitalak historia kontzeptualerako.
- Lexiko soziopolitikoaren historia eta historia kontzeptuala. Lexikografia eta hiztegi historikoak, gaztelaniaren eta euskararen historiari dagokionez bereziki, baita hizkuntzalaritza historiko konparatuko ikerketei dagokienez ere.
KOMUNIKAZIOEN DEIALDIA
Biltzarrean landuko diren gaietakoren bati buruzko komunikazio bat aurkeztu nahi dutenek edo panel bat antolatu nahi dutenek, proposamenaren laburpen motz bat bidali beharko dute (gehienez ere, 400 hitz; orrialde bat, gutxi gorabehera) honako helbide elektroniko honetara: conference.hcg@gmail.com
Paper eta panelen proposamenak bidaltzeko epea 2013ko apirilaren 30ean amaituko da.
Hautaketa-prozesua egin ondoren, 2013ko maiatzaren 27an jakinaraziko zaie proposamengileei proposamena onartu den edo ez.
Biltzarreko lan-hizkuntzak gaztelania eta ingelesa izango dira.
IZENA EMATEKO ESKAERA
Biltzarrerako komunikazio-proposamenak gaztelaniaz edo ingelesez bidali ahal izango dira, eta komunikazioaren edo panelaren laburpenaren (orrialde bat) izena adierazi beharko dute, baita eskatzailearen datu pertsonalak ere.
- Komunikazioaren edo panelaren izenburu erakargarria:
- Gai-arloa:
- Izen-abizenak:
- Erakunde akademikoa:
- Egoera profesionala:
- Posta-helbidea:
- Helbide elektronikoa:
- Telefonoa:
- Komunikazioa aurkeztuko den hizkuntza:
DATA GARRANTZITSUAK
- 2013ko apirilaren 30a: proposamenak aurkezteko epea amaituko da.
- 2013ko maiatzaren 27a: komunikazioak eta panelak onartu diren jakinaraziko zaie eskatzaileei.
- 2013ko abuztuaren 29tik 31ra: biltzarra egingo da.
IZEN-EMATEAREN KUOTA
Biltzarrean parte hartzeko, History of Concepts Group (HCG) taldeko kidea izan behar da. Talde hori historia kontzeptuala interesatzen zaien akademikoek osatutako nazioarteko sare bat da. HCG taldekoak ez direnek biltzarrean bertan eman ahal izango dute alta. Urteko ohiko kuota 50 eurokoa da (25 euro ikasleentzat) eta CONTRIBUTIONS TO THE HISTORY OF CONCEPTS aldizkarirako harpidetza barne hartzen du.
Horrez gainera, biltzarreko parte-hartzaileek izena emateko kuota bat ordaindu beharko dute. Kuota hori ordaintzeak honako honetarako eskubidea emango du: komunikazio bat aurkezteko, saio guztietan parte hartzeko, abuztuaren 30erako aurreikusitako Bilbo-Donemiliaga Kukulara joan eta etortzeko garraioa doan erabiltzeko eta biltzarraren amaiera-afarira joateko.
Parte-hartzaile bakoitzaren egoera profesionalaren arabera, izena emateko kuota 50 euro (irakasleak eta ikertzaileak) edo 25 euro (ikasleak) izango da.
TOKIAK
2013ko abuztuaren 29a eta 30a:
Bizkaia Aretoa–Euskal Herriko Unibertsitateko Areto Nagusia
Abandoibarra etorbidea, 3
48009 Bilbo
2013ko abuztuaren 31:
Cilengua
Komentu plaza z/g
26226 Donemiliaga Kukula (Errioxa)
ANTOLATZAILEAK
History of Concepts Group (HCG)
Grupo de Historia Intelectual de la Política Moderna (UPV/EHU)
Red Iberconceptos
Cilengua – Instituto de la Historia de la Lengua
LAGUNTZAILEAK